
"Gizarte Ekonomia eta bere Zuzenbidea”Ikerketa Taldea, IT1711-22, Eusko Jaurlaritza (2022-25)
KIDEAK: Adrian López Bueno, Aitor Bengoetxea Alkorta (Ikerlari Nagusia), Aitziber Etxezarreta Etxarri, Anjel Errasti Amozarrain, Aratz Soto Gorrotxategi, Artitzar Erauskin Tolosa, Enekoitz Etxezarreta Etxarri, Eusebio Lasa Altuna, Jon Morandeira Arca, Jon Las Heras Cuenca, Julen Izagirre Olaizola, Mikel Imaz Bengoetxea, Mirene Begiristain Zubillaga
LANKIDEAK: Xabier Itçaina, Ignacio Bretos Fernández, Orestes Rodríguez Musa, Jorge Torres Ortega
Taldearen izenak dioen moduan, kideon ikerketa lerro komuna gizarte ekonomia eta bere zuzenbidea da. Gure ikerketa lerroak GEZKIk jorratzen dituenak dira (www.gezki.eus): Demokrazia eta langileen parte hartzea enpresan; Ekonomia sozial eta solidarioa eta berrikuntza soziala; Gizarte ekonomiako erakundeen gobernantza eta zuzenbidea; Gizarte ekonomiaren sustapenerako politika publikoak; Globalizazioa eta kooperatiben nazioarteratzea; eta Hiri garapen jasangarria eta ekonomia soziala.
Gainera, deialdi honetan gure taldea zabaldu nahi dugu, gaur egun elkarlanean aritzen garen beste lau lankide aintzat hartzeko. Lau hauekin esparrua zabaldu nahi dugu, Xabier Itçaina Bordeleko Unibertsitatean baitago, Ignacio Bretos Zaragozako Unibertsitatean, Orestes Rodríguez Kubako Pinar del Rioko Unibertsitatean (zuzenbide kooperatiboan aditua), eta Jorge Torres, Santiago de Txileko USACH Unibertsitatean.
Gizarte ekonomiari, GEZKIren baitan egiten dugun moduan, ertz desberdinetatik ekin nahi diogu, zuzenbidea, eta ekonomia bereziki. Horregatik aurkezten gara diziplina arteko ikerketa talde gisa, honek gure ikerketa lanari balio erantsi bat ematen diola sinetsita. Gizarte ekonomiako erakundeak enpresa eredu kapitalistatik aldentzen dituen ezaugarriei erreparatzen diegu. Funtsean, parte hartzean eta auto-eraketan oinarritutako erakunde demokratikoak izanik, dituzten elementu bereizgarrien analisian zentratzen gara. Parte hartzearen hiru atalak aztertzen ditugu: kapitalean, erabakietan, eta mozkinetan. Ikuspegi juridikotik, zuzenbide kooperatiboak ahalbideratzen duen autoeraketa printzipioa Lanaren Nazioarteko Erakundearean "lan duina" kontzeptuarekin nola uztartu aztertzen dugu.
Gizarte ekonomiako erakundeen kanpo dinamikari dagokionean, horiek beren lurraldeko tokiko garapenean nola txertatzen diren dugu aztergai. Honela, berrikuntza sozialaren optikatik, erakunde horiek lurraldean sortzen dituzten gobernantza eredu berritzaileei eta ekintzailetza eredu eraldatzaileei erreparatzen diegu. Bigarrenik, herri erakundeetatik gizarte ekonomiako esperientziak sustatzeko erabiltzen diren politika publikoen analisia ere burutzen dugu. Eta hirugarrenik maila globalago batean, gizarte ekonomiako erakundeek beren nazioarteratze prozesuak nola burutu dituzten analisi kritikoa ere burutzen dugu. Aldi berean, eredu ekonomiko horri dagokion zuzenbidea osoa aztertzen dugu. Gizarte ekonomiaren sustapena eta garapenari egoki zaion zuzenbidea. Ikuspegi juridikotik, mugarria izan da, mundu mailan, Espainiar estatuko Gizarte Ekonomiaren Legea (5/2011 Legea, martxoak 29koa). Lege horrek, lehen aldiz, gizarte ekonomiaren ezaugarriak definitu ditu, eta sektore ekonomiko horretan dauden entitateak zerrendatu.
Zuzenbide kooperatiboak tradizio luzea du baina, kooperatibak gizarte ekonomiaren osagai nagusia izan arren, bestelako figurak aztertuko ditugu (5/2011 Legekoak): lan-sozietateak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, enpleguko zentru bereziak, gizarteratze enpresak, edota elkarte eta fundazioak. Diziplina arteko talde honen elkarlanerako esparrua beraz ikerketa objektuak berak zehazten du, hots gizarte ekonomiak. Baina era berean, ikerketa taldeko kide guztiak GEZKI institutuko kide garen neurrian, institutuaren jardueraren baitan burutzen diren hainbat ekimenetan hartzen dugu parte elkarrekin. Esaterako, GEZKI institutuak garatzen duen EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren Master Ofizialaren baitan, hainbat eta hainbat argitalpen eta komunikazio idatzi dugu elkarrekin, eta hainbat eta hainbat ikerketa egitasmo eta kontratutan jardun dugu elkarrekin lanean.
Lan honetan Hego Euskal Herriko Ekonomia Solidario eta Sozial Eraldatzaileko (ESSE) erakundeen eskalatze estrategien analisia burutzen da, eta horretarako, erakunde horiek agertzen dituzten hazkunderako pizgarri eta estrategiak, horien ikuspegi komunitarioaren perspektibatik interpretatzen dira. Era berean, erakundeon eskalatze estrategien analisian ESSEko sare ezberdinetan kide izatearen aldagaia ere txertatzen da, saretze eta eskalatze estrategien arteko loturak ezarri nahita. Emaitza nagusien artean ESSEko erakundeen artean eskalatzeko lau logika nagusi proposatu dira, eta ESSEko erakundeetan atzemandako eskalatze logika horiek askitasunaren (sufficiency) paradigman kokatzeko saiakera egiten da.
“Kirola eta ekonomia soziala: lankidetza sustatzeko gobernantza baterantz” proiektua 2024an aurkeztu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan, eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmen estrategikoan oinarrituta. Hasierako proposamena bosgarren helburu estrategikoan kokatu zen: “herritarren kultura demokratikoan eta ardura komunitarioan sakontzea”. Helburu horren barruan, proiektua 5.3 ekintza-lerroarekin lotu zen: “lankidetzarako gobernantzan sakontzeko, udalen, elkarteen, askotariko eragileen eta herritarren ahalduntzerako eta elkarlanerako guneak indartzea”. Ikerketa-proiektua onartua izan zen.
Euskal Herriko hiru unibertsitateek (MU, EHU eta Deustu) elkarrekin landu duten proiektua da, eta zuzenean lotuta dago gizarte-ekonomiaren abangoardiako Hub proiektuarekin. Proiektu honetan, lehen urratsa eman da norabide horretan, eta diagnostiko bat egin da, gizarte-ekonomiaren esparruan diharduten eta mundu-mailan erreferenteak diren unibertsitate-eragileak identifikatu ahal izateko. Lan hori Hub-aren helburuari lotutako eragileak eta gaiak identifikatzeko lehen hurbilketa bat izango da, gerora haren dimentsio akademikoa garatzeko giltzarri izan daitezkeenak.